|
Goenkalek bete ditu hamar urte eta, azken urtean
ere, kontatu dira hamaika istorio. Leonorek nahikoa gorabehera
bizi izan ditu: Yamila lehengusinaren heriotza, haren senarra
zenaren ordezko Arralden agertu zen gizatxar maltzurra jasan
beharra, Koldorekin ezkondu nahi eta ezin, amnesia malapartatua,
Mikelen itzulerak eragindako maitasun krisia... Maria Luisarekin
adiskidetuta ere ikusi dugu nahiz eta azkenean haserre bukatu...
Sorpresa galanta hartu zuen ama Arralden agertu zenean; handiagoa
hartu du, baina, han geratuko dela esan dionean... Hamaika
gorabehera, behera eta gora.
Beheak jota ibili da ere María Luisa, batez ere, Estefaniak
hala aginduta eroetxean gatibu eduki zutenean. Lortu zuen
azkenean handik ateratzea, halere, gero ez zuen lortu Estefaniak
egindako okerrak ordaintzea. Hamaika buruhauste jasan dute
Txapas eta Lutxik: Diego haurra ezagutu dute eta geroztik
bizia erabat aldatu zaie, dagoeneko familian bizi dira eta
halaxe nahiko dute aurrerantzean bizi, jo ta su ari dira bidea
egiten kosta ahala kosta. Bienbitartean, Txapas sinistuta
ibili zen Lama baten errenkarnazioa zela, bai bera eta bai
Lutxi telebistako izar bihurtu aurretik izan zen hori. Eusebiok
eta Margarik heriotzari egin diote aurre, halamoduz, elkar
asko maite dutela erakutsi ziguten, maitasunak baduela tokia
bihotz nekatuetan. Gazteek ere mila abentura bizi izan dute:
Eusebio autoarekin harrapatu, pisukideen elkarbizitza pisua...
Tomax ibili da okerren, burua non zuen ere ez zekiela. Ez
da harritzekoa, umea izan du, lanetik kaleratu dute... Mila
ere gazte artean ibili da, Andonirekin harremana hautsi eta
handik gutxira Nelson kubatarrak lortu zuen haren bihotza
samurtzea.
Aspaldiko lagunak agertu dira aurten Goenkalen: Isaias bat,
berriro ere gaiztakeriak egiteko prest; Guti, bihotza gordin
eta buruan su; Elene, arazo sortzaile peto petoa; Hortentsi,
beti bezain sutsu eta emankor; Eta Estefania, bazterrak nahasten
beti, muturrean gustora... berak eman dio amaiera urteari,
tiro egin diote eta jausi da ziplo lurrera, ikusi du odolak
nola zikintzen zion arropa.
Datorren urtean argituko dira argitu beharrekoak, okertu
zuzen daudenak eta zuzendu nahasian dagoena.
Atal honetan Goenkaleko pertsonaiekin momentu atseginak
igaro ditzazun joko dibertigarriak ipintzen joango gara poliki
poliki.
Joko taula batean Goenkaleko pertsonaien irudiak
agertuko zaizkizu. Irudi bakoitza bere bikiarekin aukeratu
eta fitxak desagertzen joango zaizkizu. Jokoaren helburua
joko taula garbi uztea da. Kontuz baina! Fitxa guztiak ezin
izango dituzu zure gustura mugitu, askotan nahi
dituzunaren ingurukoak desagertarazi beharko dituzu aurrera
jarraitzeko!
|
|