Arabako Foru Aldundiak, 1.973. urtean , Lejarreta
jauna diputatu nagusia zelarik, sortu zuen Ikasbidea Ikastola. Txagorritxu
auzoan, Hezkuntza Publikoko Haur Eskola batean, behin-behingoz,
kokatu zen. Lehenengo ikastaldea Pilar Askolizaga andereñoarekin
martxan jarri zen eta Euskara Zerbitzuko arduraduna Visitación
Oyarzabal zelarik. Hurrengo bi ikasturtetan eraikuntza berdinean
jarraitu zuen Ikastolak ikasle kopurua askoz handituz.
1.976/77 ikasturtean gaur egun
dagoen ikastetxera trasladatu zuten Ikastola. Foru Aldundiak erosi
zuen Corazonistas prailegaien ikastetxe hori. Eraikuntza bakarra
zegoen zelaiez inguratuta, behar izan beste konponketak eta egokitzapenak
egin ziren ia 300 ikasle hartzeko 12 taldetan banatuta: Haur Hezkuntzan
maila bakoitzeko bina talde; orduan deitzen zen OHOn lehenengo eta
bigarren mailetan beste bina gela;eta hirugarren eta laugarren mailetan
gela bana.. Handik aurrera ikasle kopurua azkar igo zen eta hiru
urteko ikasle mailetan hiru gela betetzeko haur beste matrikulatzen
hasi ziren.
Laurogeigarren hamarkadan beste
bi eraikuntza berri egin ziren: Haur Hezkuntzarako eta OHOko goi-ziklo
eta Batxilergorako. Horrela, Haur Hezkuntzako hiru mailetan eta
OHOko zortzi mailetan hiruna ikasgela osotuta zeuden eta Batxilergoko
hiru mailetan bina gela, azkenik COU deituriko maila martxan jarri
zen.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza
sare publikora transferitua izan zen, laurogeigarren hamarkadaren
bukaeran. Gaur egun, 110 irakasle klaseak ematen eta 1.200 ikasle
inguru ikasten ari dira, Araban dagoen ikastola publiko integratu
bakarra, hau da, etapa guztietako ikasketak egiteko aukera dago:
Haur hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
eta Batxilergoa.